Gure eguneroko ordutegi, ohitura eta presetan
sartuta gaudela, konbentzituta gaude egiten dugun lana ahalik eta hoberen
egiten dugula, baina ondo datorkigu oraingoan nik egin dudan bezala pixkat
geratzea eta horren inguruan hausnartzea. Bai Ainhoaren bai Birginiaren bideoak
ikusteak asko lagundu dit konturatzeko, nahiz eta egunero saiatu gauza berriak
planteatzen edo egiten, oraindik asko dagoela egiteko.
Gauzak horrela, eta nire buruarekin kritiko
izanez, 6 C edo gakoetako bati garrantzia eman baino gehiago, hainbat
estrategien nahasketa edo lotura egitea behar dudala uste dut. Nire ikasgaian,
teknologian, maiz egiten ditut talde lanak, eta beti saiatzen naiz talde
“balantzatuak” egiten, baina ez dut harantzago begiratzen. Adibidez, laguntza
ematen edo ondokoei erakusten ez diegu irakasten, jakin behar dutela uste dugu.
Bestetik, lortutakoak, euren emaitzak, klasean
geratzen dira; beste taldekideei aurkezten zaizkie lanak, baina bere horretan
geratzen dira gehienetan eskolan erakutsi beharrean. Eta…nori ez zaio gustatzen
egindakoa, eta batez ere ondo egindakoa, besteek ikustea? Gainera, baliabide
digitaletan murgilduta gaudela, zer hobeto blogean, web orrian… horien argazki
nahiz bideoak eskegitzea baino!! Ikasleek protagonismoa hartzen dutela uste dut
eta horrek motibatu egiten ditu, egiten diotenari zentzu gehiago ikusten diote
eta.
Nire buruari jarriko niokeen hirugarren eta azken
helburua bidaltzen ditudan ariketek ikasle guztientzako erronkak planteatzea
litzake. Askotan, denontzako diseinatzen dugu ariketa berdina, nahiz eta jakin
guztiek ez dutela aukera edo gaitasun bera.
Honen oposizioan eta ni ere motibatzeko, nire alde
esan behar dut ikusitako bideoetan aipatu diren erronken artean batzuk praktikan
jartzeko ohitura badudala, hala nola: edukiak elkarreragileak izatea (bai
ikasgaiko unitate didaktikoen artean bai beste ikasgaietako edukiekin), ikasiko
dutena nola egingo duten azaltzea (prozedura eta ematen ditugun pausoak azaltzen
joaten naiz noizean behin) eta baliabide anitzak eskaintzen dizkiet lanean
aritzeko (liburu edo nik sortutako apunteak, beste eskoletako adibideak,
bideoak…).
Beraz, eta azken asteetan ikastaro honetan
jarduera bat egin ostean gertatzen zaidan bezala, badut lana egiteko nire
metodologia edo lan egiteko modua hobetzeko.

No hay comentarios:
Publicar un comentario