Ikastaroaren 3.bloke honetan, irakasleok egunerokoak hurbilago ditugun kontzeptuak lantzeko aukera izan dugu. Egia da, eta ikusitako bideoetako batean ere aipatzen da, beldurra diegu metodologia berriak, konpetentziak, proiektu interdiziplinarrak... kontzeptuei. Entzungo ez bagenitu bezala egiten dugu askotan, guri tokatuko ez zaigula pentsatzen eta alde batera utziz ahalik eta beranduen etortzeko bazaizkigu, hobeto izango dela esanez. Baina benetako datua da geroz eta gehiago direla irakaskuntza metodologia aldatzeko asmoz proposamenak gauzatzen ari diren ikastetxeak. Gezurra esango nuke nik ere beldurrik sentitu ez dudala esango banu, eta hori denbora gutxi daramadala irakaskuntzan (hau da, ez dut oraindik metodologia zehatz bat finkatzeko denbora izan, eta uste dut hori ona dela niretzako gauza berriak klaseetan sartu ahal izateko).
Eskola oso batek irakasteko modua aldatu ahal izateko, beharrezkoa da klaustro osoak egitea, eta gainera norabide berean egitea. Helburu horrekin, oraingoan egin behar izan dugun jarduera hau oso baliagarria iruditu zait. Izan ere, Xabierrek bere bideoan esan bezala, gaur egun helburua ikasleek konpetentziak landu eta bereganatzea da, eta horretarako era oso argian laguntzen digu unitate didaktiko bat osatzeko Canvas erabiltzeak. Ia ohartu gabe, kurrikulumak eskatzen dizkigun gaiak lantzeaz gain gazteak konpetentziak garatzera bultzatzen ditugu. Oraindik gehiago, beraiek bihurtzen dira ikasketa prozesuaren protagonista, zu bigarren plano batean geratzen zarelarik, beraien laguntzaile edo gidari moduan. Eta protagonismo hori da hain zuzen ere ikasleak lanean jarraitzera bultzatzen dituena.
Nik DBH 1.mailako Tknologia ikasgairako burutu dut unitate didaktiko posible bat, eta argi dut martxan jarriko dudala nire saioetan.
Batzuetan arazo egoera egokia topatzea kostatzen zaigu, baina behin hori eginda, konturatuko gara nola proiektu "sinple" batekin gaiak jorratzen diren, ikasleek konpetentziak bereganatzen dituzten eta batez ere ikastea interesgarri bilakatzen zaien. Izan ere, hurbileko edo ezaguna zaigun egoera bat ikusten dugunean (bai eurak, bai guk) errazago edo beste jarrera batekin egiten diogu aurre.

No hay comentarios:
Publicar un comentario