martes, 28 de febrero de 2017

3.1 jarduera: Arazo egoera unitate didaktiko moduan.



Ikastaroaren 3.bloke honetan, irakasleok egunerokoak hurbilago ditugun kontzeptuak lantzeko aukera izan dugu. Egia da, eta ikusitako bideoetako batean ere aipatzen da, beldurra diegu metodologia berriak, konpetentziak, proiektu interdiziplinarrak... kontzeptuei. Entzungo ez bagenitu bezala egiten dugu askotan, guri tokatuko ez zaigula pentsatzen eta alde batera utziz ahalik eta beranduen etortzeko bazaizkigu, hobeto izango dela esanez. Baina benetako datua da geroz eta gehiago direla irakaskuntza metodologia aldatzeko asmoz proposamenak gauzatzen ari diren ikastetxeak. Gezurra esango nuke nik ere beldurrik sentitu ez dudala esango banu, eta hori denbora gutxi daramadala irakaskuntzan (hau da, ez dut oraindik metodologia zehatz bat finkatzeko denbora izan, eta uste dut hori ona dela niretzako gauza berriak klaseetan sartu ahal izateko).

Eskola oso batek irakasteko modua aldatu ahal izateko, beharrezkoa da klaustro osoak egitea, eta gainera norabide berean egitea. Helburu horrekin, oraingoan egin behar izan dugun jarduera hau oso baliagarria iruditu zait. Izan ere, Xabierrek bere bideoan esan bezala, gaur egun helburua ikasleek konpetentziak landu eta bereganatzea da, eta horretarako era oso argian laguntzen digu unitate didaktiko bat osatzeko Canvas erabiltzeak. Ia ohartu gabe, kurrikulumak eskatzen dizkigun gaiak lantzeaz gain gazteak konpetentziak garatzera bultzatzen ditugu. Oraindik gehiago, beraiek bihurtzen dira ikasketa prozesuaren protagonista, zu bigarren plano batean geratzen zarelarik, beraien laguntzaile edo gidari moduan. Eta protagonismo hori da hain zuzen ere ikasleak lanean jarraitzera bultzatzen dituena.

Nik DBH 1.mailako Tknologia ikasgairako burutu dut unitate didaktiko posible bat, eta argi dut martxan jarriko dudala nire saioetan.

Batzuetan arazo egoera egokia topatzea kostatzen zaigu, baina behin hori eginda, konturatuko gara nola proiektu "sinple" batekin gaiak jorratzen diren, ikasleek konpetentziak bereganatzen dituzten eta batez ere ikastea interesgarri bilakatzen zaien. Izan ere, hurbileko edo ezaguna zaigun egoera bat ikusten dugunean (bai eurak, bai guk) errazago edo beste jarrera batekin egiten diogu aurre.


martes, 21 de febrero de 2017

2.2 jarduera: Nere NIA nola aberastu.

Nere NIA ezagutu nuenean, aurreko sarreran komentatu bezala arritu egin ninduen (onerako). Uste baino erreminta gehiago menperatzen ditut, nahiz eta guztiak maiztasun berarekin ez erabili.

NIA aberasteari dagokionez eta batez ere honi erabilera gehiago emateko, ondorengo proposamenak egin dizkiot nere buruari:

1-Informazioa jasotzeko erabiltzen ditudan orri, blog, sare sozialak...antolatu. Asko gustatu zitzaidan ikastaroaren hasierako blokean irakasleek sortu zuten ikasle guztien blogen helbideak batzeko aplikazioa. Kasu honetan Symbaloo erabili da. Amaiaren bideoetako batean, aldiz, Fidly aipatzen da "blogetara harpidetu eta informazioa sailkatuz jasotzeko aukera ematen diguna denbora aurreztuz". Gaur egun, han eta hemen bilatzen ibiltzen naiz, normalean Googlenen nahi dudana tekleatuz eta esteka desberdinetan zerbait interesgarria topatzeko asmotan. Baina egia da, denbora dexente galtzen dudala eta oraindik okerrago, gustoko dudan zerbait topatzen dudanean, helbidea edo erreferentzia gordetzen ez dudala. Sarritan pentsatu dut "erabiltzen ditudan blog edo orrien zerrenda bat egin behar dut" baina presak direla edo beste edozer dela, inoiz ez dut egin. Beraz, ikastaroan aipatutako erremintetako bat martxan jartzea izango da nire ondorengo egunetarako lehen erronka.

2-NIA aberasteko argi izan dudan beste pausu bat, sare sozialetan interaktiboagoa izatea da. Hau da, pasibo izatetik aktibo izatera pasatzea. Aurkezpenean esan nuen bezala, gauzak ikusi edo irakurtzeko besterik ez ditut erakusten, eta bere hortan geratzen dira. Suposatzen dut nik ere gauzak idatzi, igo edo komentatzen baditut, noizean behin norbaiten erantzunik ere izango dudala eta sortu daitekeen eztabaidak aberasgarria izaten amaitu dezakeela.

3-Lehenengo neurriaren haritik, "favoritos" edo markatzailean erabiltzea, besteekin konpartitu ahal izateko. Horretarako adibide bat, Digo.

4-Aplikazio, programa edota erreminta digitalen inguruan informatu eta erakutsi ahal didaten blog-etara harpidetu. Badaukagu jendea irakaslegoaren inguruan gu baino hobeto eta gehiago formatuta dagoera eta beraien ezagutzan kaleratzen dituztenak.

Nahiz eta ez izan 5 proposamen, uste  dut nahikoa lan dudala martxan jartzeko.

jueves, 16 de febrero de 2017

2.1 jarduera: nere NIA

Azkenaldian asko entzun eta irakurri izan dudan hitza da PLE-a, baina inoiz ez dut interes askorik izan zer den jakiteko. Oraingo honetan, aldiz, ikastaroaren jarduerak "derrigortuta" honi buruz informazioa jasotzen hasi naizenean...hara non harritu nauen!

Gure burua beste era batean ondo eta sakon ezagutzeko balio digun erreminta iruditu zait. Bai ahultasunak edo gabeziak zein sendotasunak. Era berean, eta Amaiak bere bideotako batean aipatu duen bezala gizartea eta teknologia egunero eraldatzen doaz, gure ikasketak ere aldatuz doaz. Beraz, prozesu bat diren heinean, erabilitako tresna eta baliabideak ere aldatzen joan beharko gara. 

NIA osatzeko zerrenda egitera ekin behar nionean, nere buruari galdetu behar izan diot zein ikuspuntutik egin behar nuen (formakuntzaz arkitektoa naiz, baina lanbidez irakaslea):
ARKITEKTOA Vs. IRAKASLEA.
Azken horren bidetik jo du, hori da eta gaur egun eta egunero lantzen dudana, ondorengo zerrenda osatuz:

Behin erabiltzen/ezagutzen ditudan baliabideen zerrenda eginda (eta momentu batzuetan memoria esfortzu txiki bat ere egin behar izan dut), horietako bakoitza zein unetan edo zertarako sailkatu eta ondorengo NIA geratu zait. Seguru nago zerbait ahaztu zaidala, baina gustatuko litzaidakena da hemendik hilabete batzuetara blogeko sarrera honetara bueltako eta PLE-a eraldatu behar dudala konturatzea; berriz ere Amaiaren hitzak hartuz, "ikastea konexioak egitea" delako, eta horrek esan nahiko du nire ikasketetan ere aurreratzen noala gauza berriak edo neretzako egokiagoak ezagutuz.

Laburbilduz, oso aberasgarria egin zait NIA osatzea. Alde batetik konturatu naiz ezagutzen ditudala bideak argitaratu edo komunikatzeko, baina ez ditudala maiz erabiltzen. Bestetik, sortzeko tresna dexente ezagutu eta sarritan erabiltzen ditudala, baina garaia dela berriak ere bilatu eta erabiltzen ikasteko.

domingo, 12 de febrero de 2017

1.1 jarduera

INTERNET IREKIA IZATEA
Guztiok ulertu dugu Internet bilatu nahi dugun edozer objektu, informazio, irudi... aurkitzeko tresna bezala. Baina egia da zerbait konkretua topatu nahi duzunean, sarritan, oztopoekin aurkitzen zarela. Ulergarria da, urte gutxitan gure bizitzetan sartu zaigun mundu berri honek beldurra sortzea eta gure gauzak "ondo gorde" edo zaindu nahi izatea, baina uste dut horretarako badaudela copyright eta bestelako egileen eskubideak. 
Ikerkuntza baten ondoren sortutako testu, bideo edo dena delakoa besteoi erakusteko, topatutako emaitzak plazaratzeko edo erakusteko egiten direla uste dut. Testu zientifiko bat idazten duenari, aldizkari arrakastatsu batean publikatzea gustatuko litzaioke; pelikula bat egin duenari zineetan emititzea edota kantu bat sortu duenari irratietan entzungai ipintzea. Kanpotik datorkigun informazioaz aberasten pasatzen dugu eguna; beraz, utzi diezaiogun munduari guk sortu dugun horretaz disfrutatzen, eta posible badu, horri hobekuntzaren bat edota beste ikuspuntu bat ematen. 
Hezkuntzaren arloan zentratuz, aurretik komentatu duten beste ikaskideri bezala gertatu zait niri ere. Ariketak zein jolas edo informazioa bilatu duzula pentsatu eta azken pausoan ordaintzeko eskatzea edota zure ordenagailua hori erabiltzeko gai ez dela aurkitzea. Irakasleon helburua erakustea eta irakastea baldin bada, eta jakintzagaiak zeintzuk diren argi badaukagu, askoz ere aberasgarria izango da edozein erreminta era IREKIAn eskuratzea. Klaseak interesgarriago bihurtzen laguntzeaz gain,  gure egoera berean dauden ehundaka irakasle zoriontsuago izango dira eta.

Konpetentzia Digitalaren MARKOAK
Ditugun liburu edota apunteetan dagoen informazioa osatu nahi dugunean, oso erraz egiten dugu, eta baita oso azkar ere, klik ordenagailu zein telefono mugikor batean eta hor azaltzen zaigu bilatu ditugun hitzen inguruan zerrenda luze bat. Ekintza hau, ordea, ez da beti eraginkorra izaten. Infinitua da sarean topatu dezakegun informazioa, denetarikoa, baina bilatzen ari garen hori aurkitzea, edo behintzat badagoen jakitea, batzuetan astuna izaten da. Hor dago gakoa, erreminta digitalak zeintzukdiren eta momentu bakoitzean zein erabiltzea komeni zaidan jakitea. 
Irakasleoi dagokigunez, bapatean etorri zaizkigu gure lan mundura internet, ordenagailu, tablet, arbela digital, aplikazio, moodle...eta nire ustez ez dugu jakin, eta oraindik ere ez dakigu ondo, nola txertatu hau gure egunerokotasunean. Ulertu behar den lehen gauza, lan tresnak direla da. Bai etxeko lanetan zein industrian edo beste eodzein sektoretan lan egiteko modua aldatzen joan den bezala, irakaskuntzan ere hala izan beharko du (nahiz eta oraindik lankide batzuk nahi ez izan). 
Lehen egin beharra, beraz, norbere gaitasun digitalaz ohartzea da, eta ondoren hobetzea edo areagotzea.
Egun hauetan ikusitako Maite Goñiren bideoan aipatzen diren markoak asko izan dira, horien artean: Quebec, Danimarka, Chile, Extremadura, Katalunia...
Azken hori da, hain zuzen ere, europear markoan aipatzen diren 5 atalak ere garatzen dituena. 
1-Informazio digitala.
2-Komunikazioa.
3-Edukiak sortzea.
4-Segurtasuna.
5-Arazoen ebazpena.
Erabat egokiak iruditzen zaizkidan bost arlo gure konpetentzia digitala bermatua gera dadin. Irakaslean izan behar gara informazioa aukeratzen eta hau tratatzen jakin behar dugunok, gure irizpideekin, eta ondoren hau zabaltzen edo komunikatzen. Eduki berriak sortu ditugunean, hauek besteei helarazteko bide seguruak ezagutzen ditugunean, orduan egongo gara lna ongi egiten, orduan jakingo dugu arazoei nola autre egin, eta beraz, gizarteak eskatzen dizkigun aldaketa eta aurrerapenak eskaini ahal izango ditugu.



viernes, 10 de febrero de 2017

1.blokean murgilduz...

1.2 jarduera: IKANOS testa




      Ezagutzen ez nuen baina interesgarria iruditu zaidan test bat izan da. Gutxi gorabehera egunero tresna digitalen bat erabiltzen dudadez (bai lanean bai nire bizitza pribatuan), nere burua teknologikoki maila ertainean hau da, median, kokatuta neukan.
      Test honi esker zure errealitatea argiago ikusi dezakezu, eta pentsarazi didana da arlo batzuetan eguneratua nagoela baina beste batzuetan (segurtasuna, elkarreragintza, produktu digital desberdinak sortzea...) oraindik berde nagoela. Sarritan uste dut, korrika ta presaka bizi dudan egunerokotasunak oztopo bat jartzen didala erronka berri hauen aurrean eseri eta gauza berriak ikasteko. Ez zait kostatu ITEm-ik erantzutea, nere errealitatea barneratzen lagundu didate eta.
       Inkesta konpletoa iruditzen zait, eta nik orain arte konpetentzia digitalaren barruan kontsideratzen ez nituen atal batzuk kontuan hartzen lagundu dit (besteak beste programazioa, egileen eskubide eta lizentziak, segurtasuna...).
       Beraz, galderak erantzuten joan naizen heinean nere burua kokatzen joan naizen ezagutza maila eta emaitzetan ikusi dudana antzekoa denez, ez nau ezer harritu. Are gehiago, animatu egin nau zailtasun edo nik jarritako mugei aurre egitera. Horrela, lagundu egingo dit lanean, irakaskuntzan, erabiltzen ditudan tresnak hobeto ezagutu/erabiltzera, eta baita lagunekin, familiarekin... harremanak zentzu edo neurri batean aldatzera. Maite Goñiren bideoan aipatzen zen bezala, konpetentzia digitala ez baita bakarrik teknologiak eskeintzen dizkigun tresnak erabiltzen jakitea, baizik eta horiek gure egunerokotasunean era egokian txertatzea.
    
                     Beraz, lanean hastea besterik ez zait geratzen!!



miércoles, 8 de febrero de 2017

Aurkezpena

Nere burua aurkezteko, planteatzen zaizkigun galderei erantzungo diet:

Nerea naiz, Eibarkoa, eta nahiz eta Arkitektura ikasketak burutu ditudan, inoiz ez dut arkitekto moduan lanik egin (behin ikasketak amaituta). Unibertsitatetik irten bezain pronto Irakasle izateko masterra egin nuen eta orduz geroztik irakaskuntzan aritu naiz. 

Digital nor niacin deskribatu beharko banu, esango nuke sare sozialak era pasiboan erabiltzen ditudala; hau da, baditut twitter, facebook edo instagram, baina sarrerak partekatu baino gehiago besteena begiratu eta irakurtzeko erabiltzen ditut.
Blogari dagokionez, karrera garaian proiektuak aurkezteko sortu izan genituen pare bat, baina han geratu ziren, hau da, ez diet jarraipenik eman. Lanean, teknologia klaseak ematen ditut beste batzuen artean, ikasleekin erabiltzen dut egunero egiten duten lanaren jarraipena bertatik egiteko. 

Ikastaro honetatik espero dudana, ezagutzen ditudan erremintei erabilera hobea nola eman ikastea da, eta baita beste zenbait aplikazio ezezagun deskubritzea ere. Batez ere, beste taldekideek nola ematen dieten erabilera euren klaseetan eta nola integratu ahal izango ditudan nik nere saioetan.

Aurkituko dudanaren inguruan, uste dut gehienak irakaskuntza munduan murgilduta baina konpetentzia digitaletan "galduta" edo nahastuta gauden pertsonak izan gaitezkeela (nere kasuan behintzat bai). Geroz eta aukera gehiago aurkezten zaizkigu, baina nola erabili ondo gure klaseetan? Nola uztartu eman beharreko ikasgaiekin? Guzti horretan argibide bat jasotzeko aukera espero dut #eDIGCOMP ikastaroan.